APGEk bere Estatutuen eguneratzea onartu du eta elkarbizitza-jardunaldi batez gozatu du Bilbon
2026ko urriaren 17an, Euskadiko Gida Txakurren Elkarteak (APGE) Ezohiko Batzar Nagusia egin zuen Bilboko Ibaiondoko Udaltegian. Gure elkartearen etorkizunerako gai garrantzitsuak lantzeaz gain, une atseginak elkarrekin partekatzeko aukera izan genuen egun hartan.

Guztira, 19 pertsona elkartu ginen; horietatik bederatzi gida-txakurren erabiltzaileak ziren, bakoitza bere txakurrarekin.
Aurrerapauso bat gure elkartearentzat
Batzarrean gure Estatutuen eguneratzea onartu genuen, APGEren egungo errealitatera egokitzeko, haren funtzionamendua hobetzeko eta elkartea osatzen dugunon parte-hartzea errazteko.
Aldaketa horiekin gure helburuetan aurrera egiten jarraitzen dugu: gida-txakurren erabiltzaileen eskubideak defendatzea, gizarte-sentsibilizazioa sustatzea eta lau hankako gure lagunen ongizatea zaintzea.
Babarrun-jana lagunarte onean
Batzarraren ondoren, Bilboko Casa Galicia Lar Arraiz jatetxera joan ginen, eta babarrun-jana bikain batez gozatu genuen, bere sakramentu eta guzti.
Aukera ezin hobea izan zen hitz egiteko, esperientziak trukatzeko eta APGEko bazkide eta lagunen artean tarte atsegin bat igarotzeko.
Eta, noski, gure bederatzi gida-txakurrak ere han egon ziren. Bazkalorduan lasai egon ziren beren erabiltzaileen ondoan, heziketa bikaina dutela eta horrelako topaketetan zein ondo portatzen dakiten erakutsiz.
Txakurrak aske ibiltzeko tarte bat ere antolatu genuen, elkarrekin korrika eta jolasean aritu eta askatasunez goza zezaten. Hala ere, euriak eragotzi zigun jarduera aurreikusi bezala egitea. Dena den, pertsona batzuek euriaren etenaldi labur bat aprobetxatu zuten beren txakurrak Arraiz mendiko zelaietan askatzeko.
Eguraldia gorabehera, oso egun atsegina izan genuen: gure elkartearen aldeko lana funtsezkotzat jotzen dugun beste zerbaitekin uztartu genuen, hau da, elkartzearekin, esperientziak partekatzearekin eta batzen gaituzten loturak sendotzen jarraitzearekin.
Espero dugu laster horrelako beste topaketa bat egitea!